XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oso bide laburra zen egoitzatik hara.

Umeak jolasten ziren parke txiki bat zeharkatu behar zuen gainera, beti gustatu zitzaiona.

Kanposantuan, lurperatzaileak, gizon handi, xalo bat, utzi egiten zuen hildakoen artean bere kasa ibiltzen.

Urratsek, arrats hartan, Txomin, bere anaia, gurasoengandik ez urruti lurperatuta zegoen lekurantz eraman zuten.

Kanposantuko bazterrik tristeena zen hura Gregoriorentzat.

Iñaki Lekuona, bere baserriko aberiak konpondu izan zituen linterneroaren tunba gainean eserita, pare-parean zeukan Txominen hilkutxa.

Hilkutxa sinple bat zen Txominena, zenbait ertzetan akats batzuk zituena baina, aski txukun eta dotorea.

Orduan, poliki-poliki, tapa altxatu eta Txomin jeiki zen, muxin, ubel, begirada eroria.

- Hola - esan zion Gregoriori, apalki.

Eta Gregoriok itzuli zion saludoa.

Txomin nahiko altua zen eta, lurpeko egonaldi luzeak arras moteldu bazuen ere, bera baino indartsuagoa segitzen zuen izaten.

Aldiz, buruko ahulezia zuen.

Lili xirpilen artean jarri zen, otzan, txakurño bat bezala, paisajeari begira.

- Aita hil duk - aditu zion Gregoriok bere buruari esaten.

- Aita?- eta Txominek nekez konprenitzen ahal zuela zirudien.

Eta gero, beste noizpait egin zuen bezala: - Ama ere hil duk - esan zion Gregoriok.

Eta Txominek tristura infinitoaz begiratu zion orduan.

- Ama? - galdetu zuen, ahots hariño batez.

Gero bere baitara bildu zen, uxkurtuta, atzera.